martes, 13 de enero de 2015


2012ko iraila zen ingurune hau ezagutu genuen lehenengo aldia. Orduan Ainhoa eta Koldo ginen, urte osoko bidaiaren hasieran, ibilbide honi ekin genionak. Srinagaretik (Kaxmir) Manalira doan ibilbidea bizikletaz zeharkatu genuen bidean Lehtik (Ladakh) pasatuaz. Maitemindu egin ginen inguru honekin. Himalaiako okre koloreko mendi erraldoietako elurra, paisaia lehorretako magia, kultura eta jende tibetarraren adeitasuna… orduan erabaki genuen munduko txoko honetara bueltatu behar ginela.

Horrelaxe, ia bi urte beranduago, 2014ko uztailean, Manalin geunden berriro baina oraingoan Aitor eta Ramon lagunekin. Uztailean Aitor, Ramon eta Koldo Manalitik Zanskar bailara joan ginen. Zanskar bailara gurutzatu genuen Kargilera iristeko eta handik Lehra, Ladakheko hiriburua. Hemen atseden hartu ostean astebeteko ibilbide zirkular bat egin genuen: Lehtik Pangong Tso lakura, hortik Nubra bailara eta Nubratik berriro Lehra. Han batu zitzaigun Ainhoa abuztuaren hasieran. Ainhoarekin, Spiti bailara eta Kinnaur bailara gurutzatu genituen Shimlan, Himalchal Pradesheko hiriburuan, ibilbidea bukatzeko.

MANALI - ZANSKAR BAILARA - LEH


BilboIstanbul-Delhi. Horixe izan zen Euskal Herritik Indiara eraman gintuen hegaldiaren ibilbidea. Delhira iritsi eta ahal bezain azkarren Manali herrira doan autobusa hartuta Himalaiako ateetan geunden. 2014ko uztailaren 8a, gu eta gure bizikletak prest gaude Vashisten (Manali ondoko herrixka) ibilbideari ekiteko. Ramon, Aitor eta Koldo.


Manalitik (2.000m) irten eta aurrez aurre dagoen Rotang La (3.980m) mendatea izan da lehenengo erronka.


Bi egunetan, ongi aklimatuaz, mendatea pasa eta Lahaul bailaran sartu gara.



Mendi erraldoiak ezker-eskuin eta bertako jende atsegina. Emakume nekazaria.


Ama errepidean lanean dabilen bitartean haurra irribarrez.


Lahaul bailaran gizonek janzten duten kapela tipiko koloretsua.


Keylongen, bailarako herri nagusian, atseden hartu eta aurrera jarraitu dugu Darcha herrixkara iritsi arte.


Darchan, Lehra doan bide nagusia utzi eta Zanskar bailararantz jo dugu. Kontua da Zanskar bailarara iristeko ez dagoela errepiderik eta oinez egin beharko dugula bidea derrigorrez. Egun bat itxaroten eman ostean gure bizikletak eta ekipaia garraiatzeko zaldiak eta zaldi-zaintzaileak lortu ditugu. Prezioa adostu eta prest gaude Zanskar bailara eramango gaituen lau egun eta erdiko oinezko ibilbidea hasteko.



Mendian gora goazela elurra agertu zaigu.



Zanskar bailarara sartzeko Shingo La (5.091m) mendatea pasatu behar da. Hortxe gaude poz-pozik. Bertatik zoragarri ikusten dira mendi elurtuak.




Shingo La jaitsi eta paisaia aldatuz doa. Lahauleko berdea eta mendietako elurra utzi eta kolore gorriak eta lehortasunak ditugu aurrean. Zanskaren gaude. 


Tibeten gaude. Ofizialki Indian bagaude ere kultura, erlijio, paisaia, jendea, etxeak… tibetarrak dira hemen.


Behar genuenean lotarako, otorduetarako, etxeko ateak ireki dizkigute eta etxeko txokorik epelenean, sukaldean, tokitxoa egin. 




Zaldi eta zaldi-zaintzaileak agurtu eta, berriz ere bizikletaz, iritsi gara Padumera, Zanskar bailarako herri nagusira. Padumetik irten eta Penzi La (4.594m) mendatea genuen zain.


Baina gaina egin aurretik, oparia: Drang Drung glaziarra.



Penzi La jaitsi eta Rangdum, postalezko herrixka, agertu da atzean Nun Kun mendiak dituelarik, gaua pasatzeko toki ezin-hobea.


Hurrengo goizean  uretan ispilua eta horma erraldoiak.



Baina dena ez da hain polita. Zanskar gurutzatzen duen bidea oso txarra da, gogorra, harritsua, eta Ramonen bizikletak, Julakak, arazo latza izan du. Gauzak horrela, Ramonek kamioia hartu eta Kargilera doa handik autobusez Lehrra joateko. Han lortuko du bizikletarentzat behar duen orkilla.


Aitorrek eta Koldok, Nun (7.135m) mendiaren begirapean, agur esan diogu Zanskar bailarari.


Kargilen Srinagaretik Lehra doan bide nagusiarekin bat egin eta hortik aurrera, hiru egunez, asfalto goxoa dugu. Bidean Lamayuruko Gompa edo monasterio tibetarra bisitatzera geratu gara.



Iritsi gara Lehra, Ladakheko hiriburura, eta hortxe dago Ramon, bizikleta konponduta, gure zain.


Lehn, atsedena hartzeaz eta ongi jateaz gain, konpainia bikainaz gozatzeko aukera izan dugu. Aitor Igiñiz eta Laura Matínez ezagutu ditugu bidaia honetan eta sekulako zortea izan da. Aitor, andoaindarra, 2006an hasi zen bizikletaz bidaiatzen eta Laura, madrildarra, urte batzuk beranduago batu zitzaion. Bi bizikleta-nomada hauek bidean dabiltza oraindik. Beraiei buruzko informazio gehiago hemen aurkituko duzue: https://plntat1.wordpress.com/
Animo bikote eta biba zuek!!!


LEH – PANGONG TSO LAKUA – NUBRA BAILARA

Lehn atsedena hartu ostean zazpi eguneko ibilbide zirkularra egin nahi dugu. Lehtik Pangong Tso lakura, hortik Nubra bailarara eta berriz ere Lehra. Gogotsu hasi gara Chang La (5.360m) mendatea igotzen. Atzean herrixka geroz eta txikiagoa.


Gainetik kilometro gutxira lo egin dugu, baina hurrengo goizean, gorantz ekin eta berehala, Ramonen bizikletako atzeko gurpileko uztaia txikitu egin da. Berriz ere kamioia hartu eta Lehra doa. Lau egun barru egin dugu hitzordua Nubra bailaran.


Aitor eta Koldo iritsi gara Chang La gainera.


Mendatea jaitsi eta Pangong Tso lakurantz goaz. 4.250 metroan dago laku erraldoia eta kolore oso ikusgarriak eskaintzen ditu. Ederra. Egun bat eman dugu bizikletak hartu eta zamarik gabe, arin, inguruaz gozatzen.



Indiako Himalaiako errepide ertzeetan trafiko seinale asko daude, hauetako asko esaldi bitxiekin.


Nubrara iristeko Wari La (5.310m) mendatea igo dugu, akaso bidaiako mendaterik gogorrena. Gainera iritsi eta ongi merezia dugu atsedena.


Jaitsieran Yakak agurtu eta Nubrarantz goaz.


Hantxe, Shyok ibaiak garamatza Nubra bailara eta bertan dugu zain Ramon.


Hirurak elkarrekin Leherako bidea hartu eta oraingoan Kardung La (5.360m) mendatea igo behar dugu. 


Kardung herrixkan gaua pasa 


eta hurrengo egunean Kardung La gainean gaude. 


Lehtik hain gertu egonda turista asko igotzen da mendate honetara, gehienak autoz, noski. Gu agertzen garen argazkiaren atzealdean hauxe aurki dezakegu, hainbeste jenderen aztarna nazkagarria.


Kardum La mendatik behera goaz jaitsieraz eta paisaiaz gozatuz, Leh aurrean dagoen Stok mendizerra aurrean dugularik.



SPITI BAILARA – KINNAUR BAILARA


Lehra iritsi eta pelotoia hirutik lau txirrindulari izatera pasatu da. Ainhoa hegazkinez iritsi da eta aklimatazio egunak pasa ostean bideari ekin diogu laurok, oraingo honetan Spiti bailara da jomuga. Kaza da bertako herri nagusia.



Spiti bailarara iristeko bidea oso ederra izan arren oso egoera txarrean topatu dugu: harriz beterik dago eta toki askotan menditik datorren urak bidea jaten du. Oinetakoak kendu, sandaliak jantzi eta bizikletak bultzatu beharrean aurkitu gara.


Lahaul eta Spiti bailarak banatzen dituen Kunzum La (4.590m) mendatea pixkanaka igo dugu, eguraldia lagun, inguruko mendietan glaziarrak zintzilik ikusiaz. Goian gaude!



Kunzum La jaisten Sipiti bailara ikus daiteke urrunean.


Spiti ibaiak marrazten du Spiti bailara eta ibaiaren ertzetik doa bidea. Aurrera goaz forma eta kolore imajinaezinek txundituta.





Kazara, bailarako herri nagusira, iritsi eta inguruko txokoak ezagutzera goaz. Horietako batean, Kibber herrixkan, bertako herritarren egunerokotasunak zur eta lur utzi gaitu. Ondoko herrira joateko sekulako arroila dago eta zubia oraindik eraikitzen ari dira.


Bi emakume beren haurtxoekin zain topatu ditugu arroilaren ertzean.


Denak burdinazko saskian sartu eta hortxe doaz tirolinan, sinestezina!


Spiti bailaran Komic herrixka ezagutzeko aukera izan dugu. Alforjak gainean genituela 4.500 metroan dagoen herrixka honetara igo eta bertan pasa genituen arratsaldea eta gaua.



Herriko etxe bateko ateak ireki dizkigute eta herrixkako bizitza ikusteko aukera izan dugu.


Txikienek ere laguntzen dute lanean.



Spiti bailaran ezagunak dira bertako monasterio edo gompa tibetarrak. Kazatik oso gertu muino gainean dago Ki Gompa edo monasterioa.



Guri bereziki Dhankar Gompa gustatu zaigu. Arroka gainean eraikia, bertako ikuspegia oso ederra da.



Txirrindulari gehiagorekin egin dugu topo bidaia honetan, atzerritarrak eta bertakoak!



Nako herrixka tibetar polita da guretzako Spitiko azken herrixka.


Bertatik oso behean, oso urrun ikusten da Spiti ibaia.


Mendate luze bezain gozagarria jaitsi eta Spiti ibaiko urak Sutlej ibaian nahasten dira. Sutlej ibaiaren inguruan altxatzen da Kinnaur bailara



Kinnaur bailara oso estua eta bertikala da eta bertan herrixkak maldan daude ia beti.



Gizonezko eta emakume askok Kinnaureko kapela berde tipikoa janzten dute.


Bailararen estutasunak errepidearen ibilbidea zailtzen du. Kinnaur ezaguna da erortzen diren luiziengatik eta horregatik errepideak blokeatuta geratzen dira askotan.


Bertako bidaiariak bezala, luiziengatik itxitako errepide zatietara iritsi eta makinek bidea garbitu arte itxaron behar izan dugu.



Pixkanaka-pixkanaka, Kinnaur bailaran aurrera joan garen heinean, tibetar kultura hindu kulturan urtzen joan da eta horrela, autoak, jendea, behiak, zarata eta zakarra areagotuz joan dira Shimla hirira iritsi arte, Himalchal Pradesh probintziako hiriburura.


Abuzturen 23an, Shimlan bukatu da gure bizikleta bidaia. Atseden hartu, gure bizikletak autobusean sartu eta Delhirako bidea geratzen zaigu bertatik Euskal Herrira hegan egiteko. 



Atzean geratu dira eta gurekin daramatzagu mendi, mendate, bailara, ibai, laku, glaziar, monasterio, herrixka…. eta bidean ezagututako pertsona jator guztiak. 
Bizikletaz 1.941 kilometro izan dira. Zoragarria izan da.